Osasunkume, 25 urte eta osasuntsu

1989-90 ikasturtean gertatu zen, hain zuzen ere, duela 25 urte alkoholaren eta gainerako drogen gehiegikerien inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan bizi zen egoera kezkagarriari erantzuteko.

Une horretan Jesus A. Perez-Arrospide “Periko” –bere lagun askok hala ezagutzen dute–, Eusko Jaurlaritzaren Drogamenpekotasun Idazkaritzaren buru zen aldetik, EDEXekin jarri zen harremanetan, ikastetxeetan esku-hartzeak lehentasuna izango lukeen prebentzio-arloko proposamen bat diseina genezan eskatzeko. Berak aipatu zigun, proposamen horrek informazio soila ematea eta, jakina, beldurra jendeari eragitea baino haratago joan behar zuela. Erakargarria, ludikoa eta tokiko gaiekin lotura handia izan behar zuen; gainera, euskal lurralde osoan osatzen hasi zen prebentzio komunitarioko udal-taldeen sarearen lana bateratzen lagundu behar zuen.

Aste gutxi batzuen buruan, EDEXek Idazkaritzaren esku jarri zuen  Osasunkume. Bizitzaren abentura –lehen urteetan Osasunaren abentura deitu genuen– izenez ezagutzen dugun 8 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako osasunerako hezkuntza-programa, Osasuna Sustatzeko Eskolak nazioarteko ekimenaren barruan kokatua.

Lagun-talde baten bizitza kromo-albumetan

Kasurako kromo-album baten forma zuen euskarri didaktikoa sortu genuen. Bertan orriak lau bloketan –lau elementu– antolatzen ziren: Ura, Sua, Airea eta Lurra. Elementu hauen inguruan osasunari lotutako 10 topiko antolatuko ziren: elikadura, higienea, sendagaiak, alkohola, tabakoa, ingurumena, denbora librea, gaixotasunen prebentzioa eta kontrola, segurtasuna, gizalegea… Horretarako 40 kromo eta bakoitzari zegokion testua egin ziren. Kromo horiek ekimena lantzea eskatzen zuten hezitzaileen esku jartzen genituen. Normala den bezala, irakasleentzako materiala eta prestakuntza-saioak, familientzako proposamenak eta taldean egiteko jarduerak eskaintzen zituen programak. Jarduera horien artean zeuden hezkuntza-komunitatea mobilizatzeko antolatutako festak, baita eskola-mailako lehiaketa bezalako ikasleek parte hartzeko beste kanal batzuk sustatzeko proposamenak ere. Lehiaketa horren bitartez haurrek euren albumak igortzen zizkiguten berreginak.

Programa abian jartzeko Bizkaiko lau herri aurkeztu ziren. Herri horietako bakoitzean ikastetxeetako lana eta ekimen komunitarioak uztartu zituzten, hala nola, Uraren (Portugalete, bertako itsasadarra eta zubi esekia), Suaren (Bilbo, burdinarekin  duen lotura eta bertan dagoen Etxebarriako tximinia), Haizearen (Getxo, bertako itsaslabarra eta errota Aixerrotan) eta Lurraren (Basauri eta bertan dagoen Arizko Erdi Aroko dorrea) inguruan bertako gizarte zibileko erakundeek, haurrekin eta hauen familiekin batera, festak ospatuz.  Herri horietan guztietan, 25 urte beranduago, ikastetxe batzuek Osasunkume programa aplikatzen jarraitzen dute.

Esperientzia pilotu izatetik orokor bihurtzera

Portugaleten, Bilbon, Getxon eta Basaurin egindako aplikazio esperimentalaren –1992an argitaratu zen– inguruko ebaluazioak erakutsitako emaitza oparoak, drogamenpekotasunen eskola-prebentzioaren arloan Sofia Erregina sari ohoregarrietako bat eskuratu izana, eta Europar Batasuneko bost programa berritzaileenetako bat bezala izendatu izana –Prebentzioaren Europako I. Astearen esparruan– izan ziren Eusko Jaurlaritzak programa hau babesten jarraitzen laguntzeko argudioetako batzuk; baita prebentzioko udal-talde guztiek programarekiko izan zuten harrera ere. Era berean, babes hori lagungarria izan zen programa Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletara, lehendabizi, Autonomia Erkidego askotara, ondoren, eta, 1998. urtetik aurrera Latinoamerikako hainbat herrialdetara zabaltzeko. Garai hartan, Euskal Autonomia Erkidegoa –ehun asoziatiboarekin elkarlanean jarduten zuen bertako administrazio publikoak buru zena – erreferente argia zen prebentzio-gaietan.

Bizitzaz betetako kromoz osatutako albumak

Esperientziari esker, egindako ebaluazioei esker eta hain ingurune diferentetan programa aplikatzeko aukera izan dutenen ikuspegi diferenteei esker, denboran zehar eraldatu eta aberastu den programa da “Osasunkume, Bizitzaren abentura” . Hala ere, programak protagonismoa irakasleei ematen jarraitu du eta ikasgeletan erabiltzeko euskarri teknikoa ezarri du –kromoen albuma–. Euskarri honek ez zuen bertan egindako lana mugatu behar, are gutxiago agindu gisa funtzionatu behar. Euskarriak haurrei euren egunerokotasunari hain lotuta zeuden eta hain adierazgarriak ziren abenturak partekatzen lagundu behar zien. Horretarako, Mikel, Nerea, Elena, Dani eta Josuren –horrela deitzen dituzte Euskal Herrian–  eta beti hauen ondoan dagoen Osasunkume katu maskotaren –programari izena ematen dio– abenturak kontatzen dira.

Albumak berehala aldatu zuen itxura, bertan kontatzen ziren istorioak haurrek sozializatzeko duten hiru ingurunetan kokatzeko: familia, eskola eta auzoa. Bertan 36 istorio kontatzen dira bi ardatzen arabera antolatuak: ohitura osasungarriak eta bizitzarako trebetasunak. Gainera, lehen hezkuntzako lau mailetako bakoitzak bere albuma izan zezan, hasieran prestatutako materiala zabaldu egin zen.  Testuinguru diferentetan programarekin konprometitutako agenteek aldizka berraztertzen duten material didaktikoa etengabe erabili dute ikasleek. Programak dituen helburuak lortzen irakaslearen lana osatzeko nahikoa zen arren, apurka euskarri didaktikoak erantsi zituzten –hasieran, telebistarako eta irratirako serie moduan eta, beranduago, marrazki bizidunen, telebistako kanal digitalaren eta sekuentzia didaktiko digitalen bitartez–. Horietaz gain beste baliabide batzuk ere hasi ziren erabiltzen, hala nola, webguneak, agenda-jokoak (kartak, mahai-jokoak, pc-rako jokoak…), komikiak eta hainbat tramankulu. Laguntza-material honek, gainera, programaren inguruan ikuspegi berriak gehitzeko –zenbait kasutan bizikidetzari lotuagoak– eta bezero berriengana –6 eta 7 urteko ikasleak adibidez– heltzeko balio izan du, baita ikasgeletatik kanpo ateratzeko –hedabide handietara zabaldu da, kanal handietan proiektatu da– ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizirik dirau, oztopoak oztopo

Katuek zazpi bizitza dituztela diote. Eta gure Osasunkumeren kasuan ere hori egia izango da, zazpi bizitza administratibo baino gehiago igaro ondoren bizirik dirauelako; hau da, zazpi legealdi baino gehiago darama Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ardura espezifiko horren buru ideia diferenteko bost indar politikoren ondoren bizirik jarraitzen du.

Zazpi bizitza baino gehiago, hain zuzen ere. Testuinguru bakoitzean programa bizitzeko, eta bere ikasleekin harremana eta hezkuntzaren zentzua ulertzeko modu partikularraren arabera, programa egokitzeko aukera izan duten hainbat eta hainbat hezitzailek berregindako bizitzak dira.  Irakasle horiek ez dira Osasunkume programaz aspertu, beharbada euren lanbideaz ere aspertu ez direlako.  Ikasturte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko 48 herritan pentsamendu diferenteko 77 ikastetxetako 7.000 ikasle inguruk euren bizitzako esperientzia gelara eraman behar dutela, Bizitzaren Abenturaren protagonistekin partekatzeko, erabaki dute 300 irakasle baino gehiagok.

Hori ospatu beharra dago!

Programaren eraginkortasun potentzialari buruzko ebidentzia enpirikotik, egindako ebaluazioen emaitza positiboetatik, erakunde sustatzailearen ahaleginetik, eta tresna sinple batek ematen duen hezitzailearen eta ikasleen arteko errespetuzko topaketatik haratago, gure iritziz Osasunkumek Euskal Autonomia Erkidegoko ikasgeletan 25 urtez bizirik irauteak arrazoi bat dauka: irakasleen lana errazten du eta haurren gustukoa da; besterik ez.

Eta horrek eragiten digun poza partekatzeko, bide berriak arretaz aztertzeko eta mirari txiki hau posible egiten dutenei gure esker ona erakusteko, urteurren hori Portugaleten –programa abian jarri zen herria– ospatzeko asmoa dugu, datorren apirilaren 21ean. Topaketa honetan zazpi Autonomia Erkidegoetako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako (Uruguay, Paraguay, Argentina, Dominikar Errepublika, Peru, Kolonbia, Mexiko eta Venezuela) lagun ugari egongo dira, azken hamabost urteetan leku horietako hainbat erakundek eta gobernuek programa birsortu eta aplikatu baitute. Horri buruz –Bizitzaren Abentura XI. Mintegi Iberoamerikarraren ospakizuna– beste sarrera batean hitz egingo dugu.

Facebook Twitter Stumbleupon Delicious More More More
elcorreo.com

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.