ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK ETA CARITASEK LANKIDETZA BIDE BAT IREKI DUTE POBREZIAREN AURKA BORROKATZEKO

• Sinatutako lankidetza-akordioaren arabera, sailak 500.000 euroko laguntza emango die aurten autonomia-erkidegoko elizbarrutiko erakundeei

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta autonomia-erkidegoko elizbarrutiko hiru Caritasek lankidetza-akordioa sinatu dute gaur, Euskadin gertatzen diren pobrezia-egoerak arintzeko. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak eta Caritas Euskadiko presidente Mikel Ruizek sinatu dute akordioa. Lehen urratsa da hauxe denborarekin areagotuko den lankidetza-bide batean.

Akordio horren bitartez, Sailak Euskadiko Elizbarrutiko hiru Caritas erakundeei 500.000 euroko laguntza ekonomikoa emango die aurten, elizbarrutiko erakundearen harrera-zerbitzuek laguntza hori kudea dezaten muturreko egoeretan babesgabetasun-egoerak arintzeko premiazko laguntzen bitartez, erantzun bizkorra eta malgua behar dutenean, eta oinarrizko beharrak asetzeko.

Cáritas Euskadik eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak konpromiso bat hartu dute; hain zuzen ere, behar den informazio guztia elkartrukatzeko konpromisoa, arreta emateko tresnak eta laguntzak ez bikoiztearren pertsona beraren kasuan eta gizarte-estaldura guztiak ahalik eta jende gehienarengana iritsi daitezen.

Akordioaren bitartez Sailaren eta Cáritasen arteko lankidetza indartu egingo da; gainera, kontuan hartzekoa da Caritasek urte mordoa daramala miresteko moduko lana egiten gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden familiak babesteko, Euskadiko lurralde osoan jardunez eta honezkero erabateko ospea lortu duela. “Lankidetza publiko-pribatuaren bitartez gizarte-egituratze handiagoa lortzeko politikak bermatuko dira, elkarren osagarri diren esfortzuak eta estrategiak abiapuntu izanik gizarte-ongizatearen maila handiagoak lortzeko bidean”, nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak.

Sailburuak “lankidetza-bidea” nabarmendu nahi izan du, hain zuzen ere, Gobernuaren eta elizbarrutiko erakundearen artean ireki den “lankidetza-bide” hori, eta zera erantsi du, etorkizunean lankidetza hori areagotu egingo dela “une latz hauetan pobreziaren aurka borrokatzen jarraitzeko. Familia bat ere ez da babesik gabe geratuko“.

Bestalde, Mikel Ruizek Cáritasen nahiaren berri eman du, hau da, “gizarte-babeseko sistemari balioa ematea, gizarte-lanaren garrantzia nabarmenduta” gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko zereginean.

Pobreziaren aurkako borroka zabaltzeko asmoz, krisialdi ekonomikoaren egoera berezi honetan gaudela kontuan izanik eta krisiaren ondorio larrienak pairatzen ari garelarik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Cáritasekin duen lankidetza areagotu egin behar duela erabaki du, betiere kudeaketa-autonomia eta bi agenteen erantzukizunak guztiz errespetatuta.

Gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan esperientzia handia dago EAEn eta, horri esker, pobrezia murrizteko etengabeko joera sortu da; hori horrela izanik, pobrezia-arriskuaren tasa txikiena duen autonomia-erkidegoa izatera iritsi da EAE, Estatu osoan buru izanik. Hala ere, krisialdi ekonomikoak joerari buelta eman dio eta pobrezia-tasak igo egin ditu: 2006an arrisku-adierazlea % 7,6 zen (162.932 pertsona) baina 2010ean % 8,5 (185.806 pertsona). Krisi-egoera honek ezinbestekoa egiten du babesa are gehiago bermatzea, baina baita horren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea ere, agente gehiago inplikatuta.

Ildo beretik, Sailak Gizarteratze Aktiboko Plana egin du; gizarte-bazterkeriaren prebentzioan eta tratamenduan gainditu beharreko erronkak eta lehentasunak ezartzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak ahalbidetu eta antolatzeko egin beharko diren aldaketak eta jardunak jorratzen ditu. 2016ra arte Plan horrek 500 milioi eurotik gora emango ditu urtean pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko.

Facebook Twitter Stumbleupon Delicious More More More
elcorreo.com

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.